Вы находитесь на странице: 1из 4

Euskarazko sorkuntza krisian dago.

Askok dio ezetz: euskarazko kultura ez dagoela krisian, euskarazko


kultur industria baizik. Eta bat gatoz, horrekin esan gura dena bada
sekula baino musikagintza askotarikoagoa egiten dugula gaur egun
euskaldunok; bat gatoz, esan gura dena bada inoizko euskarazko
literaturarik osoena dela gaur egungoa eta abar.

Kontua da zeri buruz ari garen sorkuntza esaten dugunean. Zer


ikuspegirekin lan egiten dugu kulturaz argi garenean.

Gure ustez, ardura osoa eta bakarra sorgaietan jartzen badugu,


nekez garatu genezake sorkuntza indartsurik. Arreta guztia
objektuetan jartzen badugu (kantak, nobelak, bertsoak, filmeak…)
subjektuei dagokien zentralitatea aitortu, oroitarazi eta zaindu barik
(artistak, zaleak, antolatzaileak, industria, komunikabideak,
instituzioak…), ezinezkoa da kulturari osasuntsu eustea. Kultur-gaia
edozein izanik ere, funtzio sozialik betetzen ez badu, gure ustez, ez
dago kulturaz berba egiterik.

Gure ustez, berba baten esanda, kulturaz baino kulturgintzaz hitzegin


beharko genuke. Baina goazen apurka-apurka.

Kulturgintzaren harreman-sarearen zelakotasuna da gakoa. Hori


horrela da euskaraz eta zeinahi hizkuntzatan, baina, euskaldunon
kasuan, ederto dakigun moduan, albo-hizkuntzetan (albo-nazioetan)
baino baldintza estuagoak ditu kulturgintzak; ondorioz, lan handiagoa
eskatzen du.

Nondik begiratzen zaion, ederragoa era bada erronka: sortzaileagoak


izatera derrigortuta gaude guztiok; sorkuntza gaur egun
mendebaldean ulertzen den moduaz bestela ulertzera, eta lantzera:
parte-hartzaileago, horizontalago, taldekoago, militanteago…

Eta sortzaileago jokatzen ez badugu, denok sarriegi ezagutu duguna


da emaitza: kantagileak kantak baizik egiten ez baditu, antolatzaileak
kantariari deitu eta mikrofonoa ipintzeaz baino arduratzen ez bada,
kazetariek agendaren berri zabaltzen badute besterik barik eta
instituzioek diru-laguntza eman (edo ez!)… orduan, zalearen esku
geratzen da gainerakoa, eta, jende gutxi badator, alper-alperrik da
errudun bila haien artean ernegatzea; zalea askotan erratu daiteke,
baina errua gutxitan da berea.

Zer da, baina, huts egin duena? Esan dugu lehenago: harreman-
sarea, funtzio soziala…
Baina nori dagokio egiteko hori? Esan dugu lehenago: euskarazko
kulturgintzan, sortzaileagoak izatera derrigortuta gaude guzti-guztiok.

Artistak, gurean, nahitaez, antolatzaileen zailtasunak ezagutu behar


lituzke, eta zabalkundeaz zein ekoizpenaz ere arduratu...
Antolatzaileak artisten motibazio eta ahaleginen berri ezagutu behar
luke, baina baita hartzaileen nahien zein komunikabideen lan egiteko
modu eta beharren berri… Komunikabideek hemengo artista eta
antolakundeak gertutik ezagutu eta bultzatu behar lituzkete…
Industriak epe motzeko ikuspegiaz eta ekonomia mailako etekinaz
harago begiratu… Zaleak euskarazko sorkuntzarekiko atxikimendua
sentitu behar luke eta kulturgintzaren parte izan… Eta bla eta bla.
Esana dago guztia.

Kontua da zerbaitek krak egin duela. Baina zerk?

Gaia aztertzen diharduten teorikoek diotenez, hirutan laburbildu


daitezke historian zehar eman diren kultur logikak:

• Kultura tradizionala: komunitatea eta mundu-ikuskera.


• Kultura modernoa: nazio-estatuak eta ilustrazioa.
• Kultura postmodernoa: masa-kultura eta merkatua.

Gaur eta hemen, hiru kultur-logikak daude bizirik, zeharka batak


besteari eragiten diola. Hiru-kultur logikek eragiten diote
euskaldunari; eta euskarari, beraz. Euskara ez dago hiru kultur
sistemetako bati ere muzin egiteko moduan, euskalduna ez baitago
hiruotako batetik ere salbu.

Hiru esparruetako bat bera ere baztertu barik lan egiteko, baina,
ezinbestekoa dugu jarrera kritikoa: ezinbestekoa dugu hiru
esparruotako bakoitzak euskarazko kulturari ekarri, ekartzen eta
ekarriko dionaz hausnartzea. Jarrera kritikoa iparrorratz ere, nahikoa
lan izango dugu datozen hamarkadetan bidea egiten; noraezean
abiatuz gero, segurua da galbidea.

Gure ustez hauxe da gako nagusia: hiru kultur logiketako zein


hartzen dugun ardatz, eta ardatz nagusi horren baitan nola
bateratzen ditugun beste biak.

Gure ustez, herri-kulturaren ikuspegia izan behar da ardatz


euskarazko kulturgintzan; kulturaren ikuspegi antropologikoa.

Euskaldunok badugu euskal kultura kontsumitzeko beharrik?


Euskaldunok badugu euskal sortzaileen berririk?
Jendartea osatzen dugu pertsona guztiak ez gara kultura
kontsumitzaile aktiboak, bai ostera, pasiboak. Euskaldunok kultura
espainol, frantsez eta angloxajoiari buruzko edukiak gura barik
jasotzen ditugu egunero. Etenbako xurgatze inkonzientea da.
Erreferentziaz elikatzen gaituen einean imaginarioa eraikitzen digu:
janzkera, jakera, berbakera, ikuskera, azken batean, izakera. Aldiz,
iruditzen zaigu euskal kulturari buruzko informazioa bilatu egin behar
dugula euskaldunok, bila joan behar dugula. Esan berri dugu,
euskalduna den oro, munduko herri guztietan gertatzen den legez, ez
da kultura kontsumitzailea. Kultura kontsumitzailea ez den
euskaldunak ez du informaziorik bilatzen eta bilatzen ez badu nekez
jasoko du arestian aipatu kultura espainol, frantsez zein angloxajoiari
buruz jasotzen duen beste eduki. Horregatik esan gura dugu
euskaldunok ez ditugula gure sortzaileak ezagutzen.

Zein iturritatik jasotzen dugu euskaldunok euskal kulturaren


berri?

Euskaldunok auzo zein munduko kulturek euren adierazpideak


zabaltzeko eta kontsumiarazteko dituzten bitartekoen mailakorik ez
dugunez, hurbiltasuna dateke gakoetako bat. Egun, euskalgintzan
dihardutenen esku dauden aldizkari, irrati, telebista zein interneteko
agerkarietan, euskarazko kulturari buruzko berriei protagonismo
handiagoa eman dakieke, are gehiago lekuan lekuko kultur
sorkuntzari. Horrek, agian, gureaz arduratzeko beharrizana
sortaraziko die euskarazko kultura ez beste kulturez arduratzen diren
agerkariei. Hedabide haundien kamarak gureganantz enfokarazi
behar genituzkeela uste dugu.

Gure ustean horixe izan liteke lehentasuneko bat: ahalik eta


euskaldun gehienek gure sorkuntza kulturalaren berri jasotzea bila
joan behar izan barik.

Arrakasta euskarazko kulturaren eskaintzan

Zeri deritzogu arrakasta?


Zerekin dago lotuta? Kantitatearekin?
Zein da neurgailua?: Hartzaile kopurua, proposamenaren kalitatea?
sortzailearen asetze maila? hartzailearen asetze maila?
Arrakastagaz eskutik oratuta datorren frakasoak frustrazioa sortzen
du?
Gure ustean ezin gara horri begira egon. Gure ustean euskarazko
kulturgintzak euskaldunarengana joan behar du, euskalduna non,
euskarazko kulturgintza han. Eta non daude, bada, euskaldunak?
Beste guztiak legez, kalean.
Zelan elkarbizi kultura espainol, frantsez eta angloxajoarekin?

Urteetan egonkortu den kezketako bat da gugaz bizi diren erdaldunek


euskarazko kulturari buruz ezertxo ere jakin barik bizi direla.
Bizilagun, auzokide ditugun erdaldunek ez gaituzte ezagutzen, ez
dute euskarazko kultura ezagutzeko beharrik, ez dute euskarazko
kulturari buruzko informaziorik jasotzen. Zenbateko ahalegina egin
behar dugu ezagutu gaitzaten? Ezinbestekoa da gure berri izatea?

Bada, gure ustean, bai. Gure ustean bizilagun ditugun erdaldunek


jakin beharko lukete bizi diren inguruan badela bizi diren inguruko
jatorrizko hizkuntzan gauzatzen den kultura, jakin beharko lukete
tutik ulertu ez arren horrenbeste miresten eta kontsumitzen dituzten
kultura adierazpideen kalitateko bereko proposamenak daudena
euskaraz.

Erdarazko kultur adierazpenak nagusi diren eremuetan, adierazpideon


antolatzaileekin harremanetan jarri eta euskarazko kultura
adierazpideei zein leku eman eztabaidatu genezakeela uste dugu, beti
ere, antzeko adierazpideak izatea hobetsiz.

igor elortza
gotzon barandiaran

Вам также может понравиться